EAJ-ren antolaketa, bere sorreratik, mugimendu sozial irekia, guztiz dinamikoa eta modernoa izan da antolakuntzan eta elkarte mailan. Hala esan genezake Zumaiako Uri Antolaketari buruz ere. Zumaian abertzaletasuna heldu izanaren lehen berri adierazgarri eta ziurra 1907koa da.
1907-ko Abenduaren 8-an Gipuzkoarra astekarian firmarik gabe agertutako artikulu baten bidez Zumaian jada euren ideiengatik borrokatzeko prest zegoen euskal talde abertzale edo erakunde bat lanean ari zela ondoriozta dezakegu.
Zumaiako EAJ-ren ardatzak hauek izan dira: afiliatuen batzarra, Uri Buru Batza, Batzokia, gazte jelkideak eta emakumeak. EAJ-ren nukleo politikoa afiliatuen batzarra edo Uri Batzarrak eta Uri Buru Batzak osatzen dute.
Uri Batzarrak herriko afiliatu guztiak biltzen ditu eta urtean behin biltzen da ohiko batzarra egiteko, eta gainera, gaiek ezkatzen dutenean, ez ohizko bilerak egiteko biltzen da urtean zehar hainbat alditan. Uri Buru Batza herriko EAJ-ren autoritate nagusia da. Bere karguak Uri Batzarrean bildutako guztien artean aukeratzen dira. Karguek iraupen jakin bat dute eta urtean behin berritzen da.
1908-rako Zumaian EAJ eratuta zegoen organikoki, baino herrian egin nahi zuten hedapenean oinarria izango zen batzokia irekitzeko 1909 arte itxaron behar izan zuten, lokal egokia aurkitzeko arazoek nahi baino gehiago luzatu bai zuten 1907-an gorpuzten hasi zen nahia.
Zumaiako lehenengo batzokia 1909-ko urtarrilean zabaldu zen eta ireki zen unetik Batzokia (izan dituen kokaleku ezberdinetan eta garaian garaiari egokituta) zentro guztiz "bizia" eta dinamikoa izan da, Zumaiako abertzaletasunaren oinarrizko zutabea eta aldi berean herritar guztiei irekia. Asko eta mota ezberdinekoak izan dira Batzokian sortu eta antolatutako ekitaldiak: hitzaldiak eta bilerak, antzerkia, heziketa iharduerak, dantza, abesbatzak, euskara ikastaroak, ibilaldiak, lehiaketak,…
Zumaiako komunitate jeltzalean emakumeek ere hasieratik hartu zuten parte aktiboki. Bizitza publikora egin beharreko jauzia hogeitahamarreko hamarkadan eman zen, Emakume Abertzale Batza berragertu eta indartu zenean eta ordu ezkeroztik deigarria izan da eta da, bai barne karguetan bai kargu instituzionaletan, emakumeen presentzia.

Mamen Urteaga
Marije Antia Albizu
Xabier Aizpuru
Jose M. Amilibia
Lore Esnal Laskibar
Jesus Olaizola Elosua
Iñaki Oreja
Ligorio Urruzuno Iraundegi